Obra

Garaiko hizkuntzaren arabera, Margarita María López de Maturanaren misio-proiektuak Jesukristo jakitera eman, eta Ebanjelioa iragarri nahi zuen. Funtsean, emakumeen hezkuntzaren bidez egiten zituen zeregin horiek —orduan, ohikoa zen emakumeen misioetako instituzioetan—.

Hala ere, ebanjelizazio eta hezkuntza hutsetik baino askoz haratago zihoan bere helburua. Bere misioaren kontzeptua oso zabala izan zen beti. 1926an, ikastetxea sortu zuen Txinako Wuhun. Apezpikuak “ikastetxea goi-mailako gazteentzat izan behar zela argi eta garbi bazeukan ere”, Margaritak nahiago zuen “ikastetxea gizarte-maila guztientzat eta doakoa izatea” —eta halaxe egin zen—. 1934an, “Gasteizen langile solidarioen seme-alabentzako eskolaz arduratzea” proposatu ziotenean… pozarren hartu zuen proiektua, langileen arloan lan egiteko aukera izango zuen-eta. Bere begiek ez zituzten urruneko “fedegabeak” bakarrik ikusten, etxean ere bazegoelako “misioetara joaterik”.

Hasiera batean, Berrizko Mesedetako Misiolariek neskentzako eskolak irekitzen bazituzten ere, euren helburuak zabaldu, eta umezurztegiak, anbulatorioak… ere jarri zituzten abian. Dena dela, beti-beti, helmuga zituzten leku haietan hain gutxietsita zeuden emakumeak izan ziren haien lehentasunezko xedea. Helburu bakarra ez zen hezkuntza ematea, euren kabuz bizitzeko eta, batez ere, emakume moduan zeukaten duintasunaz jabetzeko prestakuntza eskaintzea baizik.

Gaur egungo jarduerak aldatu egin dira, ordea. Hezkuntzaz arduratzen jarraitu arren, honako hauexek ere badituzte ardurapean: anbulatorioak, nutrizio-zentroak, HIESaren aurkako programak eta bertan behera utzitako neskentzako harrera-etxeak. Horrez gain, espetxeetako presoei eta etorkinei laguntzen diete, zenbait mugimendu ekologistatan parte hartzen dute eta oinarrizko eliza-erkidegoak sustatu dituzte (nolabaiteko herrixka-kooperatibak), musulmanek eta kristauek osatutako erlijio arteko erkidegoak, alegia. Euren lan zabala Sorkuntzako Justizia, Bake eta Osotasunaren mugimenduaren barruan dago kokatuta.